XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ez dakit aita; baina Harryk dioen bezala emakume baten gauzarik inportanteena polita izatea bada...

Erantzun gisa kurrinka haserrea egin eta besterik gabe altxa eta arraunlariengana joan zen Hutter, Harryri argibideak eskatzeko asmoz.

Harryrengana heldu zenean, lemara bidali zuen Deerslayer, eta erraldoiarekin bakarrik geratu zen.

Ehiztaria popara iritsi zenerako, Hetty desagertua zen, eta mutilak minutu batzuetan isilean gidatu zuen kutxa.

Baina laster agertu zen Judit ganbaratik, familiaren defentsa bere gain hartu zuenari ohoreak eskaintzera.

- Ia-ia barrez hil nintzen zuhaitzetik salto egin duen indiarra uretara erortzen ikustean esan zuen kaskarinak hitzaurrerik gabe eta bikaina zela aitortu behar. Ez da egia, Deerslayer?

- Benetan arriskutsua izan da zurea, mingo horien guztien aurrean horrela azaltzea. Ez nuen uste bizirik aterako zinenik.

- Eta horregatik irten zinen korrika ni babestera, haien karabinei beldurrik gabe?

- Gizon batek ez du sekula bakarrik utzi behar arriskuan dagoen emakume bat.

- Argi dago ausarta zarela -eta isilune baten ondoren lemazainaren alboan eseri, eta losintxaka gaineratu zuen: ez zara hitz askokoa, baina lagun onak izango garela uste dut.

Harry Hurryk, ordea, ekintzak baino hitz gehiago du.

- Harry lagun zenuelakoan nengoen.

- Ondo dakigu denok zenbat balio duen Harryren adiskidetzak.

Arrazoia ematen zaion bitartean arkumetxo bat da, baina kontra egiten bazaio...kontuz ibili...

Eta ziur naiz bere hizketak errepikatuko balitzaizkit, hortik jakingo nukeela berak nitaz duen iritzia nik berataz dudana baino askoz hobea ez dela.

Azken esaldi horretan motel antzean mintzatu zen, eta mutila emakumeen izakera ezagutzen iaioagoa izan balitz, hanken mugimendu berezi hartan antzeman behar ziokeen neskatilaren jarrera ez zela berak adierazi nahi izan zuen bezain hotza.